“Kirolariarentzat prestakuntza psikologikoa” ikastaroa
“Kirolariarentzat prestakuntza psikologikoa” ikastaroa antolatu dugu. Otsailaren 6an hasi eta maiatza amaiera bitartean kirolarien arlo psikologikoa lantzeko prestatu dugu ikastaroa. Ikastaroaren helburuak hauexek dira:
- Kirolean oinarrizkoak diren aldagai psikologikoak ezagutu eta norberaren kirol errendimendua hobetzeko aldagai psikologikoetan eragiteko oinarrizko teknikak eta estrategiak lantzea.
- Kirolaria entrenamenduetan bere hobekuntza psikologikoaren gidari izan dadin tresnak eta baliabideak eskaintzea.
- Lehiaketa aurrea eta ondorena planifikatzeko baliabideak eskaintzea eta lehiaketaren ondoren ebaluaketa objektiboak egiteko gai izatea
Ikastaroa presarik gabe egitekoa da, 4 hilabetetan egingo dugu. 2 astez behin eskolak izango ditugu astelehenetan Kiroletxean (Anoeta estadioan) eta bertan landuko ditugun edukiak kirolari bakoitzak, astez aste, bere entrenamendu eta lehiaketa jardunean txertatzen joango. Kirolean hain ohikoa den epe motzera begiratu ordez, epe ertain eta luzera begira jarri nahi ditugu kirolariak, helburuetatik abiatuta hausnarketaren bidez bertara iristeko estrategia eta teknikak patxadarekin landuz.
Ikastaroetako saioak tailer formatuan antolatu ditugu, hau da, oinarrizko eduki teoriko laburretatik abiatuta, helburu nagusia kirolaria bere ikasketa prozesuaren jabe izan dadila da. Kirolariak tailerretan ikasitakoak, eguneroko jardunean, entrenamenduetan nahiz lehiaketetan, praktikan jarri ahal ditzan. Ikastaroa, ondorioz, kirolarien partehartzean oinarrituko da. Eta hau guztia http://kirolariprestakuntza.wikispaces.com/Hasiera wikiaren bidez landuko dugu. Wikia izango baita ikastaroaren etxea. Bertan topatuko gara guztiok eskoletako materiala kontsultatzeko, galderak botatzeko, norberaren bizipenak idazteko eta azken finean, guztiok guztiongandik ikasteko. Gune bizi bat izatea nahi dugu.
Ikastaroa errendimendua hobetu nahi duen kirolariari irekita dago, norbanako kirolean aritzen direnei nahiz talde kiroletan aritzen direnei. Izena eman nahi baduzu edo besterik gabe, ikastaroaren inguruko zalantzak argitu nahi badituzu, bide hauek zabalik dituzu gurekin harremanetan jartzeko: formazioa@kirolpsikologia.net eta telefonoz: 649 42 55 84
| Print article | This entry was posted by Aritz Olagoi on 15 Urtarrila, 2012 at 18:41, and is filed under Formazioa, Kirolariak, tailerrak. Follow any responses to this post through RSS 2.0. You can leave a response or trackback from your own site. |

