HASTERA GOAZ, BERRIZ
Urria gainera etorri zaigu eta horrekin batera ikasturtea martxan da. Haurrak eskolara ia duela hilabete hasi ziren eta kirolari eta entrenatzaile asko ere kirol elkarteetara itzuli dira udako oporraldia amaitu ondoren. Webgunea prestatzen duela hilabete batzuk hasi ginen, baina bidean hainbat kontu pilatu zaizkigu eta hasiera “ofiziala” atzeratu egin behar izan dugu, baina bidean gara berriz ere.
Aurten ere, urtero legez ( badira 5 urte), kirolariei, entrenatzaileei eta Kirol elkarte eta federakuntzei zuzenduriko zerbitzuak prestatu ditugu. Aurreko urteetan prestatutakoen antzekoak, baina desberdinak.
Zerbitzuak kaleratu eta hurrengo egunetan mota guztietako erantzunak izaten ditugu. Noizean behin kirolariren batek zerbitzuen inguruko kontsultaren bat egiten du email edo teléfonoz, ikastaroren batekiko interesa azaltzen du Kirol elkarteren batek, guraso batek deitzen du zerbitzuei buruzko informazio gehiago jakin nahian… Gutxienekoak izaten dira, normalena isiltasuna izaten baita, erantzun nagusia erantzunik eza.
Berariazko ikastaro eta tailerrak ere antolatu izan ditugu, zerbitzu hauetatik kanpo, entrenatzaile, Kirol hezitzaile, haur kirolariak dituzten guraso eta baita kirolariei zuzendurikoak. Izenematea zabaldu eta gehienez ere 2 edo 3 izenemate izan ditugu. Ondorioa: ikastaro edo tailerra bertan behera gelditzen da.
Saiatzen gara erantzun falta eta isiltasun hori ulertzen eta aztertzen. Zergatik ez dira geuregana hurbiltzen? Zergatik ez dute geure formazio ikastaro eta tailerretan parte hartzen? Zer egiten dugu gaizki? Zertan hobetu behar dugu? Ez ote dago ongi egiten dugun ezer? Galderak, bata bestearen atzetik pilatzen dira. Erantzunak, galderak baina askoz ere gutxiago.
Ez da erraza Kirol Psikologia Zerbitzuak “saltzea”. Bidean zailtasunekin egiten baitugu topo:
1.- Kirolean bertan dabilen jendeak: kirolariek, entrenatzaileek, zuzendari teknikoek…, ez dakite askotan Kirol psikologia dagoenik ere. Lehenengo zailtasuna eta ez nolanahikoa. Bezeroek ez dakite egon, bagaudela!
2.- Aurriritziak, erresistentziak. Kirol Psikologiari buruz inoiz zerbait entzun duenak, askotan ez du zehatz mehatz zertan lagun diezaiokegun jakiten. Arazo psikologikoekin edo gabeziekin bakarrik lotzen du gure lana. Kirol Psikologia ez da psikologia klinikoa, ez da patología psikologikoak sendatzeko, baizik eta kirolariaren arlo psikologikoaren hobekuntza lortzen saiatzen den psikologiaren arlo bat.
3.- Diru eskasia. Kirol arloan, oso gutxi dira egitura profesionala duten Kirol elkarteak edo federazioak. Bakan batzuk dira Reala, Athletic edo Caja Laboral Baskonia. Gainontzeko Kirol eta mailatan elkarte gehienak amateurrak izaten dira, oinarrizko beharretarako dirua harri azpitik atera behar izaten dutenak. Ondorioz, nola xahutuko dituzte dituzten xox apurrak zer den ez dakiten edo zertarako balio duen oso ongi ez dakiten zerbaitetan?
Hiru baldintza edo zailtasun horiek kontuan hartu behar ditugu. Horiei aurre egiteko prest egon behar dugu eta irudimena erabili. Hori dela eta, Kirol psikologia kirolari eta entrenatzaileengana hurbildu eta hauek egiten duguna ezagutzeko teknologia berrien bidea jorratzea pausu bat gehiago izan daiteke. Twitter kontua eta Facebook kontua sortu genituen iragan urtean. Gainera, abian jarri genuen KirolPsikologia Aholkularitza Beka ere. Modu berriak, garai berrietarako. Prest egongo ote dira Kirol elkarteak modu berri hauetan aritzeko? Bidean ikasi eta ikusiko dugu.
This post is also available in: Español
| Print article | This entry was posted by Aritz Olagoi on 8 Urria, 2010 at 8:29, and is filed under Sin categoría. Follow any responses to this post through RSS 2.0. You can leave a response or trackback from your own site. |
